Rakkora · Pribatutasun-politika

Azken eguneratzea: 2026ko urriaren 18a

Rakkora Androiderako aplikazio bat da, biltegietako apalategi metalikoak UNE-EN 15635 arauaren arabera ikuskatzen laguntzen duena. Politika honek azaltzen du zer datu tratatzen dituen. Laburbilduz: Rakkorak ez du zerbitzaririk, konturik ez publizitaterik, eta konexiorik gabe dabil. Zure biltegiak, kalteak, argazkiak eta ikuskapenak zure gailuan geratzen dira.

Arduraduna

Jon Arriaga · Harremanetarako: rakkora@ni.eus

Zer gordetzen den zure gailuan

Kamera

Kamerak bi gauzetarako balio du: kalteen argazkiak ateratzeko, aplikazioaren barne-biltegian gordetzen direnak, eta moduluetako QR etiketak irakurtzeko. QR irakurketa gailuan bertan egiten du Googleren ML Kit liburutegiak: kamerako irudiak ez dira gailutik ateratzen.

ML Kitek bidaltzen dituen datu teknikoak

ML Kitek, QRak irakurtzeko aplikazioan sartuta dagoenak, erabilerari buruzko datu tekniko eta anonimoak bidal diezazkioke Googleri: gailuaren modeloa eta sistema, aplikazioaren bertsioa eta irakurgailuaren errendimendu-neurriak. Ez du irudirik, irakurritako koderik ez zure biltegien daturik bidaltzen. Googlek ML Kiten datuei buruzko informazioaren eta bere pribatutasun-politikaren arabera tratatzen ditu. Erosketez gain, hori da aplikazioak egiten duen Interneteko konexio bakarra.

NFC etiketak

Modulu baterako NFC etiketa bat grabatzen baduzu, etiketak moduluaren barne-identifikatzaile bat duen esteka bat baino ez du. Ez du datu pertsonalik ez biltegiko daturik; aplikaziorik eta haren daturik gabe, identifikatzaile horrek ez du ezer esaten. Mugikorra etiketara hurbiltzean, aplikazioak modulu horren fitxa irekitzen du.

Abisuak

Jakinarazpenetarako baimena ematen baduzu, aplikazioak goizero berrikusten ditu, gailuan bertan, zain dauden kalteak eta ikuskapenak, eta abisua ematen dizu. Horretatik ezer ez da gailutik ateratzen.

Erosketak

Rakkoraren erosketak Google Play bidez egiten dira. Googlek bere pribatutasun-politikaren arabera tratatzen ditu ordainketa-datuak. Rakkorak ez du zure ordainketa-metodoa ikusten ez gordetzen.

Androiden babeskopia

Androiden babeskopia aktibatuta baduzu, sistemak Rakkoraren datuak zure Google kontuaren kopian sar ditzake, mugikorrez aldatzen baduzu berreskuratzeko. Kopia hori Googlek egiten eta gordetzen du, ez Rakkorak. Zure gailuaren eta Google kontuaren ezarpenetan desaktiba edo ezaba dezakezu.

Partekatzea

Ikuskapen-txosten bat, kalteen erregistroa (PDF edo CSV) edo QR etiketen orri bat partekatzen duzunean, Rakkorak gailuan sortzen du fitxategia eta zuk aukeratutako aplikazioari ematen dio. Hortik aurrera, aplikazio horren politika aplikatzen da.

Zure datuak ezabatzea

Aplikazioa desinstalatzean, gailuan gordetzen zuen guztia ezabatzen da. Zure gailutik kanpo ezer gordetzen ez dugunez, ez dago gure inongo zerbitzaritan eskatu edo ezabatu beharreko daturik. Androiden babeskopia erabiltzen baduzu, zure Google kontutik ezaba dezakezu.

Adingabeak

Rakkora tresna profesionala da eta ez dago adingabeei zuzenduta.

Aldaketak

Politika hau aldatzen bada, hemen argitaratuko da data berriarekin.